euskozenoaren MANIFESTUA

#sorkuntza

Aldatu egin gara. Apurtu eta desegin. Milaka zatitan eztanda egin dugu. Irauli egin gara.

“Gu”-ak jada ez ditu “ni” guztiak bere egiten. “Ni” ezberdin asko daude orain arteko “gu”-an lekurik ez dugunak. Ertzetan geratu garenak. Erbesteratuak.

Hemen gatoz Euskozenora bidean, nor garen bir-pentsatu nahi dugunak, zer izan nahi dugun irudikatzera gatozenak.

Sarrionaindiak aldarrikatu zuen Euskara dela gure territorio libre bakarra, eta askatasunaren babesean “GU” berria aldarrikatzera gatoz.

Gu gara zati ez osoak, etorriak, joandakoak eta aldatutakoak. Gu gara betikoak eta berriak.

Zurruntasun bakarretik etorkizun malguak nahi ditugunak, identitate fluidoak besarkatzeko.

Gris estutik atera koloreetan amets egiteko.

Konplexurik gabe gure forma berria maitatzeko.

Gure izate berritik sortzeko.

Gu berriz jaiotzeko.

Euskozenoa eraikitzeko.