Gureratutakoak: Badalab + SOS Arrazakeria + Dejabu Antzerki Konpainia

#hausnarketak

Zein da euskal komunitatearen baitan dagoen aniztasun linguistiko-kulturala eta nola zeharkatzen gaitu horrek? Nola has gaitezke etorkizuneko euskaldun askotarikoak irudikatzen?

Nola lagun lezakete disziplina artistikoek geroz eta aldakorragoa den errealitatean hiztun gisa ditugun bizipen, kezka, desira zein erronkak gorpuzten?

Euskozenoko hausnarketa kolektibo migratu edo/eta arrazializatuetatik eraikitzea helburu garrantzitsu izan da proiektuaren hasieratik. Izan ere, etorkizuneko #euskozeno aro horretako  “hiztun komunitate askotarikoa” deritzoguna imaginatzeko, gaur egun baditugulako pistak, gertu, gure auzo, herri eta hirietan bizi diren pertsonen ahots eta bizipenetan.

Hausnarketa eta sorkuntza prozesua BADALAB-en eskutik eraiki dugu eta laborategiaren kokaleku eta esperimentazio eremu bezala Errenteria herria baliatu dugu. Horretarako, sarearen parte aktibo diren SOS Arrazakeria eta Dejabu Antzerki Konpainia gonbidatu ditugu prozesura.

Dejabu Antzerki Konpainiak gidatutako hainbat saiotako prozesuan herriko lehen belaunaldiko zenbait etorkinek hartu dute parte. Euskara eta Euskal Herrian bizi diren beste hizkuntzak zein identitateak elkarrekin jolasean eta elkarrekin imaginatzen jartzea izan da desioa.

Prozesu honetako hausnarketetatik abiatuta eta partehartzaileak protagonista izanik, ariketa espekulatibo bat egin eta instalazio-interaktibo bat sortu dute. Eta BADALABen kokatutako esperientzia hau gizarte zabalari irekita dago, euskozenoko hausnarketak zabaltzeko eta ikuspegi berriak jasotzeko. “Hizkuntzak, gorputzak eta tarteko zirrarak” da instalazioaren izena.